Urtero bezala, Lamien Urrezko Orrazia saria emateko bildu gara, non eta Zaldiko Maldikon. Aurtengo saria “Joxemiel Bidador” pastoralari eman zaio, eta horren zergatia guztiok badakigu, hau da, euskararen aldeko lana ikaragarria zein eredugarria egin zuelako. Iruñeko euskaltzaleek indarrak bilduz eta auzolanean arituz emaitza zoragarria lortu dute, bai agertokian agertzen direnek, bai agertokitik kanpo beren harri koxkorra ekarri duten beste hainbestek; beraz, ozenki esan dezakegu ekimen hori txalotzeko modukoa dela. Pastoralaren izenean Jon Alonsok hartu du ongi merezitako saria.
Nahiz eta gure saria urtean behin eta pertsona edo talde bati ematen diogun, egunero Joxemiel Bidador bezala euskaraz bizi direnei eta euskara bizirik jarraitzeko etengabeko ahaleginak egiten dituztenei ere saria eman nahiko genieke.
Bestalde, Asto Masto saria, garaikur txartzat hartuta, Afapnak eta CCOOk jaso dute hezkuntzan euskararen kontra aritzeagatik. Ea datozen urteetan Asto Masto saria nori eman ez dugun eta Lamien Urrezko saria hartzeko hautagaiak besterik ez dugun.