“Euskarari gorazarre”, Pello Iturriaren liburuaren aurkezpena

Pello Iturria botikari iruindarra “Euskarari gorazarre” liburua aurkezpena egiteko Zaldikora hurbildu da. Gure elkartea ezagunez eta lagunez lepo bete da. Agerian geratu da euskaldun honen karismak jendearengan sortzen duen eragina eta maitasuna.

Egia esatera, haren hitzak entzutean, Pello euskaldun izateko adibiderik garbiena dela konturatu naiz. Hogeita bost urte zituela Gasteizera joan zen, eta han Gau Eskola batean euskararekin maitemindu zen . Handik aurrera, euskara bere bizitzaren zutabe sendoena bihurtu zen.

Ausarta izan behar da euskara ikasteko, baina, are gehiago, euskaraz proiektuak aurrera eramateko. Iturria jauna Farmazialari Euskaldunen Elkarteko sortzaileetako bat, lehendakaria eta elkarte horretako kide da. Horrez gain Euskalerria irratiaren kolaboratzaile da.

Liburuaren izenburuak adierazten duenez, liburu hori euskararen ohoretan idatzia du, zehatzago esanteko, euskara ikasten, berreskuratzen edo aberasten ari direnei gorazarre egin nahi die.

Bere bizipenetatik abiatuta, bereganatu dituen irakaspenen artean hanka sartzearen garrantzia nabarmendu nahi du. Ezin dugu ukatu hizkuntzarekiko beldurrak aurrera eraman ordez atzera eramaten gaituela. Garrantzitsuena ez da euskara jasoa erabiltzea, euskaraz mintzatzera ausartzea baizik.

Euskara mihian, irria begian!

Kategoria: Uncategorized. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude