“Riomundo” Jon Maia (Txalaparta 2005)

Jon Maiak “Riomundo” liburua aurkeztu zigun martxoaren 4an. Irakurle taldean eleberriaren nondik norakoak argitu eta eztabaidatu genituen. Istorioa Jonen familiaren bizitzan oinarrituta dago, baina errealitate hori fantasiazko zertzelada batzuekin nahasten da. Lanari umore ukitua ez zaio falta, bertsolari on batek  idatzia delako. Eta badirudi Maiari grazia bereizgarri hori aitona-amonengandik jaso duela.

“Riomundo” izenburuak, Albaceten kokatuta dagoen egiazko ibaia ikusgarria izateaz gain,  ibaiak leku batean sortu eta itsasoratu egiten direla islatu nahi du, eta, zentzu horretan, pertsonaren bizitzak ibaiekin alderatzen ditu Jonek, era metaforiko ederrean.

Idazlearen familia, beste hainbeste bezala, 36ko gerraren ondorengo egoera larriak bultzatuta, Baskongadetara etorri zen, bizimodu on baten bila.

Liburuaren helburua euskaldunon kontzientzia esnaraztea da. Horretarako, liburuak emigrazioaren afera mahaiaren gainean jartzen du. Espainiako beste erkidego batzuetatik Euskal Herrira etortzen zen jendeari buruzko gogoeta egitea beharrezkoa ikusi du egileak, gure artean orain dela gutxi arte gai tabua izan baita, eta gai horren inguruan  aurreiritziak, errezeloak zein klixeak oso errotuak baitaude.

Bi komunitate horiek, erdalduna eta euskalduna, herri berean bizi badira ere, bereizita egon dira. Kulturen arteko banaketa hori hizkuntzarekin eta politikarekin lotuta egon da. Beraz, “Riomundo” liburuak bi komunitate horien zubia eraikitzen du.

Guztiok dakigunez, ugariak izan ziren kanpokoak izendatzeko erabiltzen ziren mespretxuzko hitzak, zein baino zein mingarriagoak, hala nola “mantxurriano”, ”belarrimotza”, “koreano” edo” maketoa”.

Horregatik, Jonek aitortu zigun nerabea zela, bere abizenak, Maia eta Soria, esateaz lotsatu egiten zela, baita bere familia erdaldunaz ere, euskaldun peto-petoa izatea uztartuta dagoelako familia euskalduna izatearekin.

Beraz, bere familiaren kondizioa kontuan hartuta, esan genezake bere eboluzioa harritzeko modukoa dela, euskararen tenpluraino iritsi delako, bertso txapelketa bateko finala irabazteraino. Bere deitura, ospe handiko bertsolarien ondoan euskaldunon gogoan betiko iltzatuko da. Eta Txirritari, Salbadorri edo Amurizari gertatu zitzaien bezala,Maiari ere bere ametsa egia bihurtu zitzaion.

Sinestezina bezain hunkigarria da bere ibilbidea, 3 urterekin ikastolan hasi zuen zikloa 25 urterekin finala irabaztearekin biribildu zuen. Nork pentsatuko zukeen oinak ikastean “etsi” edo “etzi” hitzak desberdintzen ez zekien mutila itzal handiko bertsolari izatera iritsiko zela.

Final horretatik aurrera, konplexuak baztertu zituen, eta euskaraz  proiektuak etengabe egiten jarraitzen du: dokumentalak egiten, abestiak idazten, hitzaldiak ematen, bertso saioetan parte hartzen eta ekimen berritzaileak egiten – adibidez “San Joan baleontzia”- eta abar, eta abar.

Eta bukatzeko, nola ez, abestu zizkigun bertsoekin agurtu nahi dugu,

“Ama Extremadura,

Aita Zamoratik.

abuelo eta abuela

haien aurretik.

Herri hontan sustraitzen

asmatzeagatik

neuk ere maita dezaket

guztien gainetik.

Euskaraz badakit,

bertsoz darabilkit,

dena zuengatik

halaxe dagokit

denek kantatu dute

neure ahotik!”

 

Hurrengora arte, Jon!

Argazkiak hemen

Audioak hemen

Kategoria: Uncategorized. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude