14 eta 18 urte bitartekoen Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala jokatu zen ostiralean Iruñean. Zortzi bertsolarik hartu zuten parte Zaldiko Maldiko Elkartean egin zen saioan (Sukil Etxenike, Manex Mailharin, Sarai Robles, Mikel Lasarte, Ainara Ieregi, Maddalen Lopez, Idoia Saez eta Eider Azkoaga) eta Mikel Lasarte barañaindarrak lortu zuen lehen postua. Aurtengoa bigarren txapela du, iaz ere txapeldun izan baitzen. Xabier Silveira bertsolariak jantzi zion txapela gazteari.
Bigarren postua berriz, Maddalen Lopez lesakarrarentzat izan zen. Bi bertsolari hauek izanen dira datorren ekainaren 22an Orion jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan Nafarroako ordezkari.
60 ikuslek Elkartea bete eta bertatik bertara saioa jarraitu zuten.
Finala amaituta, parte-hartzaileek eta bertsozaleek bertso-merenduaz gozatzeko aukera izan zuten, Xabier Silviera eta Eneko Lazkoz bertsolariekin.
Argazkien egilea, Nafarroako Bertsozale Elkartea da, esker mila anitz!