Urriaren 12an (larunbata), Julia Fernandez Zabaleta Emakume aitzindariak euskarazko pastorala antzeztuko da Burgoen plazan
Zaldiko Maldiko Kultur Elkarteak ekoitzi eta Iruñeko Udalak sustaturiko lanaren antzezpena 11:00etan hasiko da, eta, aurretik, 10:30etik 11:00etara, karrika-inguru bat eginen da Alde Zaharreko zenbait karriketan barna. Burgoen plazako emanaldirako eserlekua gordetzeko gonbidapenak doakoak dira, eta Kondestablearen jauregian jasotzen ahalko dira, asteazkenetik aurrera.
Euskarazko obra horrek antzerkia, musika, kantua eta dantza uztartzen ditu, eta omenaldia egiten dio XX. mendeko lehen herenean euskara eta euskal kulturaren sustapenari dagokionez giltzarri den pertsona bati. 30 arizalek baino gehiagok, 10 musikarik eta bi bertsolarik parte hartuko dute emanaldian.
Julia Fernandez Zabaletari buruzko pastoral hori Zaldiko Maldiko elkartearen azken kultur proiektua da, eta joan den maiatzaren 4an estreinatu zuten, Iruñeko Alde Zaharreko San Frantzisko Ikastetxe Publikoarekin elkarlanean. Julia, irakasle iruindarra, emakume aitzindaria izan zen, eta haren lana funtsezko bi alderditan oinarritu zen: hezkuntza-berrikuntza eta emakumearen eskubideen aldeko borroka. Obrak 20 jelkaldi ditu, eta horien bidez kontatzen da haren bizitza. Estreinaldia ikastetxeko patioan egin zen, izan ere, Fernandez Zabaleta bertan aritu zen irakasle eta bertan aplikatu zituen bere ideia pedagogiko berritzaileak.
Julia Fernandez Zabaleta (1898-1961)
Iruñeko Dormitaleria karrikan sortu zen, katedralaren ondoan. Ama, Concepción Zabaleta Apestegia, Ziraukiko alaba zen. Aita, Valentín Fernández García, berriz, Mendigorriko semea, musikaria eta katedraleko organista. Anaia bat izan zuen, Valentín, abokatua.
Juliak irakasle-ikasketak egin zituen Iruñean eta hiriko San Frantzisko ikastetxean aritu zen lanean, gerra aurrean. Denboraren joanagatik ere, hura ezagutu zuten guztiengan iraun du haren gaineko oroitzapen atseginak. Gazte-gaztetatik agertu zuen irakasbidea berritzeko nahia. Iruñeko Udalak beka bat eman zion 1916an, Maria Montessori pedagogo italiar ospetsuaren Bartzelonako ikastarora joateko. Itzultzean, txosten mardul eta jakingarri bat idatzi zuen Montessoriren planteamendu berriez, hainbat hobekuntza proposatuta. Pedagogia molde hura zabal erabili zuen San Frantzisko ikastetxean eta ikuskariari berari ere erakargarria egin zitzaion. Irakasbide berriak hainbat oinarri izan zituen, hala nola saiakuntza, bizipenak, gogoeta, abestiak, jostetak, ateraldiak.
Juliak ez zuen euskara etxean jaso; gaztetan ikasi zuen, ongi ikasi ere, Nafarroako Diputazioak Iruñeko maisu-maistren ikastetxean jarritako katedra eta eskoletan, 1922an. Lehen urtean berean, hitzaldi labur baina mamitsua eman zuen Donezteben, Euskaltzaindiak antolaturik, euskara erabiltzearen aldeko mezua zabaltzeko.
Are sakonago ikasirik, hitzaldi aunitz eman zituen. Donostiakoa izan zen bereziki nabarmena, izenburutik beratik hasita: “Emakumeen etorkizuna”, Euskal Esnalea euskaltzaleen elkarteak antolaturik. Urte haietan nazioartean oihartzun handia izaten ari zen diskurtso feministaren alde egin zuen; gizon eta emakumeen berdintasunaren alde; eta euskal emakumeen berezitasunaren alde ere bai.
Handik aitzina, euskararen eta euskal kulturaren alde abiarazitako ekimen orotan aritu zen buru-belarri Iruñean, hala nola Eusko Ikaskuntzak eta “Euskararen Adiskideak ” elkarteak antolatutakoetan.
Pentsamolde guztietako jendea kide zelarik, 1925ean sortutako Iruñeko Elkartearen helburuetako bat euskal eskola sortzea izan zen, azkenean Errepublika garaian Karlos III.a etorbidean zabaldutakoa. Julia sustatzaile nagusietakoa izan zen, Catalina Alastuey eta María Viscarret maistra iruindarrekin batera. Pedagogia berriak erabat blaitu zuen Iruñeko lehen ikastola hura. 36ko altxamendu frankistak, ordea, euskal eskola itxiarazi zuen.
Juliak, gainera, Nafarroako Emakume Abertzale Batza erakundearen sorrera bultzatzeaz gain, gogotik ahalegindu eta emakumearendako bide emankorrak urratu zituen politikan aritzeko eta EAJ barnean bete-betean parte hartzeko. Alderdi horretako mitinlari gartsuenetariko bat izan zen, gainera, Errepublika garaian.
Frankisten oldarraldiaren ondorioz Bilbora joanik, Eusko Jaurlaritzak Euskal Unibertsitatea eratzeko batzordekide izendatu zuen. Bilbo erori ondoren, Lapurdin gerizpetu eta errefuxiatuen seme-alaben maistra izan zen. Agintari berriek, bitartean, Julia zigortu eta lanpostutik bota zuten. Ama eri eta anaia Mexikon erbesteraturik zegoela, gerra bukatu berritan itzuli zen Iruñera, gerraondoko giro latz eta hitsean. Lanpostutik kaleratua, klase partikularrak ematea izan zuen bizibide, hiriko familia abertzale eta euskaltzaleek haren eskuetan utzi baitzuten beren seme-alaben heziketa.
Familia horiek berek eta gizartearen zati batek, gainera, haren alde egin zuten, eliz agintariek Julia (fededun zintzoa) 1951an eskumikatu edo Elizatik egotzi nahi izan zutenean. Nazioarteko salaketa kanpainari esker, ordea, ez zuten mehatxua bete.
Udalak, azkenean, 1958an eman zion lanpostura itzultzeko baimena, eta Iruñeko Vázquez de Mella eta El Alcázar ikastetxe publikoetan aritu zen, harik eta 1961ean hil zen arte, injekzio batek eragindako erreakzio alergikoaren ondorioz.