Nabarra aldizkarirako eginiko lana oinarri, Irati Jimenezek «Odola», «Gatza» eta «Musua» liburuak argitaratu zituen iaz. Autoreaz lagunduta, liburuok izanen ditugu hizpide ostiralean, 20:00etan.
Bost litrok ematen digute bizitza eta, gurea gorria bada ere, munduan badago berea urdina duen animaliarik. Galtzen dugunean, herio arriskua izaten dugu, baina galera horrek senidetzen gaitu, beste ezerk baino gehiago. Elikagaiak zein gaixotasunak garraiatzen ditu eta heretiko batek aspaldi esan zuen gizakion arima bertan zegoela. Sukarrak berotzen duenean hotzikara eragiten digu, banpirismoaren mitoak sortzen duenaren antzekoa. Datozen orrialdeotan odola dakargu, hitzez hitz, tantaz tanta.
Ozeanoetan dago ugari baina baita geure negarrean ere. Deabruaren kontra balio omen du eta nerbio bulkadak transmititzeko ere bai. Himalayatik datorrena gutizia bihurtu da baina ez da batere merkea. Bere ustiapenak paisaia ezin ederragoak utzi dizkigu Euskal Herrian eta kontserbatzaile gisa izan duen garrantziak munduaren historia aldatu du. Antzina, erromatar soldaduen soldata ordaintzeko erabiltzen zuten eta egun, edozein sukaldetan aurkitu dezakegu arroka, altxor eta kontserbatzaile miragarri hau: gatza.
Maitaleen keinurik sinpleena da eta goxoenetakoa. Baina maitaleek ez ezik, lagunek ere erabiltzen dute eta traizioa ere adierazi dezake edo errespetua edo Jainkoari zaion leialtasuna. Ez da kirol jarduera bat, baina ia ehun eta berrogeita hamar gihar mugitzea eskatzen du. Gaixotasun batek haren izena darama baina osasunerako onurak ditu kalteak baino gehiago. Loti ederrak eta Edurne Zurik behar-beharrezkoa zuten, gu guztiok bezala, errutinaren loalditik esnatzeko.