“12etan bermuta” Jasone Osoro (XIV.Augustin Zubikarai saria)

12etan bermuta, eta 8etan Zaldikon, liburuaren zertzeladen inguruan gogoeta egiteko. Egun horretan egilearen ahotsik entzun gabe geratu ginen; horregatik,taldekideen iritziek oihartzun handiagoa izan zuten. Elkartu ginenok banan-banan liburutik hartutako zalantzak, kontraesanak, hitz jokoak eta iritziak partekatu genituen; hori bai, testuaren atzean ezkutatzen dena erabat argitu gabe. Irakurritakoari buruz nork bere  interpretazioa egin zuelako, ez ginen adostasunera iritsi.

Idazkiak guregan mota askotariko iritziak sortu bazizkigun ere, hazi gazi-gozoa erein zuen guztion barnean. Areago, batzuk liburua egun pare bat apalategian uztera eraman zituen sentsazio horrek, istorio gordina irakurtzen jarraitu ahal izateko, eta liburuak hauts gehiegi ez hartzeko.

Testu zuzenegiak irakurtzera ohituta gaude, baina liburu honetan ez da arau moralik errespetatzen, egileak askatasun osoz eta ahoan bilorik gabe idatzi duelako. Inor esatera ausartuko ez zena, Jasonek lotsarik gabe azaltzen du. Izan ere, deskribapenak latzak bezain zehatzak dira, gure bihotza dardarazteko eta arnasari eusteko modukoak, irakurlea pertsonaiaren azalean sartzea lortzen baitute.

Gizakiaren burutik pasa daitezkeen burutaziorik basatienak eta aitortzen zailenak daude bilduta orri horietan. Batzuetan, aitorpen horiek bi aldiz irakurri beharrekoak dira, lehenengo irakurraldian ulertu duzun hori krudelkeria hutsa besterik ez dela baieztatzeko. Lerro batzuen artean, batzuetan begiak kliskatzea zaila egin zait, eta baita beste zenbaitetan kliskatzeari uztea ere.

Jasonek bere liburua margolan inpresionista batekin alderatzen du. Paragrafo bakoitzak kolore argi edo ilun bat gehitzen dio lanari, eta emaitza paisaia emozional bat da, Berta protagonistaren paisaia, hain zuzen ere.

Protagonistaren bizitza mugitzen duen haria maitasuna da, nola ez. Edo hobeto esateko, zeloak, gorrotoa, ezegonkortasuna, beldurrak, usainak, oroitzapen mingotsak …, guztiek batera osatzen baitute Bertaren izaera.

Bukatzeko, liburuaren zertzeladak azpimarratu nahiko nituzke, autorearen botaka emozionala islatu nahian. Hitzen indarraz konturarazteko, hemen dituzue aukeratutako ale batzuk:

“Babarrun txikia naiz boxeolari baten esku takarrean”

“Gurutzegramak, gurutzetramak, gurutzedramak”

“Kanpaiek 12 aldiz jotzen dutenean zutaz akordatzen naiz. Behin esan zenidan maite zaitut, eguerdiko 12etan bermuta hartzen ari ginela. Horregatik ari naiz edaten; ez penak itotzeko, maitatua izan naizela sentitzeko baino”

Kategoria: Uncategorized. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude