2012ko abenduaren 14a, Irakurriz dibertitzen gara : «Atzerri» Mikel Antza.

l_libu-mikel-antza-atzerri-1

Autorearen presentzia fisikorik gabeko ekitaldia oraingoan; hala ere, bere ahotsa izan genuen abiapuntu. Mikel Antzak berak Donostian egin zuten liburuaren aurkezpenerako grabatutako hitzak entzun genituen lehenik.

Ondoren, lagungarri izan zitzaigun oso, Beñat Sarasolak, Separata blogean idatzitako kritika. Saioa amaitzeko, “Barrura begiratzeko leihoak” pelikulan Mikel Antzari buruzko zatia ikusi genuen. Orokorrean, hauek izan ziren atera ziren gaiak:

Atzerria: Autoreak berak esan bezala «Ez dago atzerri bakar bat, norberak berea bizi du.”. Eta agian, horregatik, liburuaren hasierako eskaintza hauxe da “atzoko, gaurko, kanpoko, barneko erbesteratuei”. Eleberri osoan zehar atzerriari buruzko hausnarketak egiten ditu: “(…) inoiz itzultzekotan, atzerritik atzerrira itzuliko dela ohartzen da. Atzerria dela bere oraina eta etorkizuna.” Gainera, nobelaren barruan dagoen beste nobelak ere Atzerri du izena.

Borroka: Beñat Sarasolak esan bezala, “Protagonista halako barne-borroka etengabean azaltzen zaigu idazteko nahia eta aberriaren aldeko borrokaren beharraren arteko lehian. Nobela osoa zeharkatzen duen kezka da (…)” Borroka horren unerik gorena, narratzaile nagusiak duen koma literariorekin heltzen da, L.F. Célineren “Voyage au bout de la nuit” (Gauaren amaierara bidaia) nobela aurkitu eta irakurtzen hasten denean hain zuzen. Koma horren ondorioz jaiotako idazleak “Atzerri” idazten duenean (eleberriaren barruan dagoen eleberria), ordura arteko borroka bukatuko da.

Erreferentzia literarioak: orrialde hauetan, Mikel Antza idazleaz gain, irakurlea ere aurki dezakegula esan daiteke. Kasu batzuetan, erreferentziak esplizituak dira, hala nola, S. Becketten “Godoten zain” (hitzordura heldu eta bere buruarekin duen elkarrizketa), J. Brodsky poetaren “Oheak” (Hatxerekin lo egin behar duenean), eta Hergé marrazkilariaren Dupond eta Dupont. Beste batzuetan, berriz, ezkutuan daude erreferentzia horiek. Adibidez, Paul Austerren “Kristalezko hiria” aipatzen duela uste dugu, pertsonaiak kaleetan mezuak idazten dituenean paseoak eginez; edota, Sarasolak esaten duenaren arabera, “esango nuke, Izagirreren Metxari keinua (bigarrenez, Ospitalekoaken ageri baitzen orobat)  Beñat pertsonaia edo doblearen bidez.”

Maitasun istorioak: Sarasolak esaten duen bezala, “Beste ildo azpimarragarri bat maitasun istorioek osatzen dute (neska poloniarrarekin izandako istorio ederra esaterako). Nobelan agertzen diren maitasun istorioak beti daude klandestinitatean, borrokak ebakirik eta pertsonaien kontraesan zein zalantzak azalerarazten dizkigute.” Amodio platonikoa eta sexu hutsaren artean dauden erlazio ugari deskribatzen ditu izugarrizko trebetasunez.

Umorea: Antzak idatzitako nobelan azaltzen den ironia eta umore fina ere aipatu genituen, adibidez, bere buruaz ari dela, Miguel Parecido idazten dituenean (Mexikori buruz ari denean), edota Mikel Antzu (bere sortzeko ezintasunaz ari dela).

Amaitzeko, esan genezake, gurekin behintzat, Antzak lortu duela bere nahia: “irakurleak ere gozatua hartzea (…) liburua hartu eta ezin askatzea». Esker mila anitz.

Esta entrada ha sido publicada en Uncategorized y etiquetada como , , . Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *